Irakasgai honetako lehenengo saioan, Peiok bere ikasgaiarekiko eta moduluarekiko ideiak azaldu dizkigu. Moduluko lanaren eta ikasgaiaren nondik norakoak azaldu eta horretarako taldeak zein diren erakutsi ondoren, aniztasunaren kontzeptuan eta horrekiko genuen aurreiritzietan murgildu gara. Aipatutako talde txikietan elkarturik, gure ustez aniztasunaren kontzeptuak berarekin dakartzan ideiak bateratu ditugu. Horien artean, aberastasuna, inklusioa, egokitzapena, onarpena edota laguntza bezalako ideiak bildu ditugu, gure taldearentzat hauek baitira aniztasunaren esanahia borobiltzen duten kontzeptuak.
Talde txikietan eztabaidatu ostean, gela guztiaren aurrean partekatu ditugu aipatutako ideiak eta guztien artean, ideia hauek bateratu eta sakondu genituen:
- Desberdintasuna/berdintasuna: guztiak pertsonak garenez eta ildo horretatik berdinak garen arren, pertsona bakoitza desberdina da, bakarra, eta horrek bihurtzen gaitu anitzak.
- Elkarrekintza: batak besteari laguntza eskaintzen eta besteen laguntza onartzen ekintzak aurrera modu errazagoan eramango genituzke. Kontzeptu honek onarpena dakar, elkarrekintzan aritzeko pertsonen aniztasunarekin lan egiten jakin behar baita.
- Inklusioa: aniztasuna beharrezkoa da honetarako, guztien desberdintasunak onartzen eta hauekin bizitzen eta elkarlanean aritzen lortzen baita.
- Aberastasuna: guztien desberdintasunekin lortzen den kontzeptua.
- Enpatia: besteen azalean jartzea, hau da, besteen sentimenduak ezagutzea eta ulertzea ahalbidetzen diguna.
- Balioak: norbanakoaren pentsatzeko era, pertsona bakoitzak balio propioak ditu eta hauek oinarritzat hartuz burutzen ditu ekintzak. Hau horrela izanik, pertsona bakoitzak ekintza bera modu desberdinean burutuko du, aniztasuna azaleratuz.
- Egokitzapena: aniztasunera iristeko, besteen iritzi, pentsaera edota ekintzak ulertzen saiatu behar da, nahiz eta berdin ez pentsatu hauek onartuz eta egokituz, oreka bat bilatzea gomendagarria da.
- Onarpena: besteak dioena edo egiten duena ez baztertzeaz gain, hauek kontuan hartzea. Ezinbestekoa da aniztasunean oinarritutako inguru batean elkarbizitzeko.
- Tolerantzia: beste pertsona edo taldeen ideia edo ekintzekin ados egon ez arren, hauek errespetatzean datzan jokaera da.
- Kulturartekotasuna: beste kulturekiko errespetuan oinarritzen den kontzeptua, kulturen arteko berdintasunezko harremanak izatea du helburutzat.
Hala ere, aipatutako kontzeptuak errespetatzen edo jarraitzen ez badira, hau da, aniztasunaren trataera okerra bada, bullying kasuak ager daitezke. Rol “normal” bat jokatzen ez duten haurren baztertzean, iraintzean eta jazarpenean oinarritzen den bidegabekeria honek, aniztasuna erabat ukatzen du. Gehienbat espazio instituzionaletan gertatzen da, hau da, eskolan, eta haurrei desberdinak izatea txarra dela barneratzen die.
Hala ere, ez da eskolan bakarrik gertatzen den ekintza bat, gizartean oso presente baitago desberdina izateagatik gertatzen den bazterketa. Peiok, honen adibide garbi bat azaldu zigun Messi futboleko jokalariaz baliaturik. Izan ere, jatorrizko herriaren edota maila ekonomikoaren arabera adibidez, pertsona batzuk etorkintzat hartzen ditugu eta besteak ez, nahiz eta denak etorkinak diren. Hau horrela izanik, ez dizkiogu trataera edo aukera berdinak eskainiko maila ekonomiko altukoa den Messi jokalariari eta Afrikatik etorri den edota zubi azpian bizi den errumaniar bati.
Azken finean, aniztasunaren kontzeptua teorian nahiko argi dugun arren, ikusi den bezala hau aplikatzea oso zaila da gaur egun. Balore zehatz batzuei (maila ekonomikoa, maila soziala, arraza… ) garrantzia gehiegi ematen diogun gizarte batean bizi gara, pertsonen ezaugarri desberdinak onuratzat hartu beharrean, desberdintasun horiengatik baztertu egiten ditugun gizarte batean. Horregatik, irakasleen lana ezinbestekoa dela ohartu gara, Haur Hezkuntzako geletan aniztasunean oinarritutako giroa sortzea eta honen garrantzia azpimarratzea gure eskuetan egongo baita.

No hay comentarios:
Publicar un comentario