lunes, 25 de marzo de 2019

BIZITZAREN BIDEETAN HIZKUNTZAZ IKUSI ETA IKASITAKOA





Otsailaren amaiera aldean, Kike Amonarriz soziolinguista etorri zitzaigun hitzaldi bat ematera. Bertan, euskarak gaur egungo gizartean duen egoeraz hitz egin zigun. Horretarako, gure ustez euskararen egoera zein eta zein mailatan kokatzen dugun azaltzeko grafiko bat egin genuen. Entzuleen gehiengoak, maila baxuan jarri zuen, baina azalpen batzuen bitartez, euskara grafiko horren maila altuenean kokatzen zela konturatu ginen. Izan ere, erabilerari dagokionez, euskara ez dugu maila onenetan kokatzen, baina beste hizkuntza txikiekin konparatuz, euskara indar handia hartzen ari dela ikusten ari gara, beste hizkuntza gutxituen eredu bilakatuz.

Horrez gain, haurrek adinean gora egitean gaztelania gehiago hitz egiten dutela azaldu zigun, baina baita honetan inguruaren eragina izugarria dela ere. Izan ere, ingurua euskalduna bada edo euskara entzuten den ingurua bada, Ondarroa edo Azpeitia adibidez, adinean gora egiteak ez du esan nahi euskararen erabilerak behera egiten duenik. Horren arrazoia, gizartearen erabilera linguistikoa imitatzen dela esaten da eta erabilera hori sustatzeko irakaskuntza ezinbestekoa da.

Amaitzeko, Kikek galdera bat planteatu zigun: norantz doa euskara, marjinaziorantz edo normalizaziorantz? Berak esandako moduan, orain goazen bezala normalizaziorantz bideratzen da, beti ere erabileran aurrera egiten badugu, ezagutzaren paradigmatik erabileraren paradigmara igarotzea beharrezkoa baita.

Hitzaldia orokorrean arina eta dibertigarria egin zitzaigun, modu dinamikoan azaldu baitzuen guztia. Erabilitako ariketak oso baliagarriak eta deigarriak ziren eta azaldu nahi zuena ulertzeko lagungarriak iruditu zitzaizkigun. Euskararen egoeraz ohartzeko eta hau hobetzeko egin dezakegunaz hausnartzeko balio izan zigun eta egia esan oso aberasgarria izan zen.

"Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik", Joxean Artze.

No hay comentarios:

Publicar un comentario