Kaixo guztioi!
Azken aste hauetan ipuinen irakurketan aritu gara, gure taldeak bi
liburu irakurri ditu: Goikoak eta behekoak alde batetik, eta bestetik, Kamila Zebra.
Lehenengo ipuin kontaketa, Goikoak eta behekoak izan zen. Ipuina gutako bik kontatu genuen, batak goiko auzokoen papera hartuz eta besteak behekoena. Goikoak eta behekoak irakurtzean, hasiera batean zentzu handirik ez zuen liburu bat zela iruditu zitzaigun, baina hainbat aldiz irakurri ondoren, aniztasunarekin lotura egin genion, baita berdintasunarekin ere. Azken finean, nor dira behekoak eta nor goikoak?
Bi auzoek ezaugarri berdinak zituzten,
baina guztia alderantziz egiten zuten. Honekin, pertsonek tradizio, ohitura,
kultura edo jatorri berdina ez izan arren, guztiok ekintza berdinak
egiten ditugula ondorioztatu genuen.
Liburua irakurtzea nahiko erraza iruditu
zaigu, izan ere, ipuina laburra eta arina izan da.
Bigarren ipuina, Kamila Zebra izan zen. Ipuin kontaketa honetan guztiok parte hartu genuen, bakoitzak animali baten papera hartu zuelarik, izan ere, hau izan zen ipuina ahalik eta modu arinenean kontatzeko iruditu zitzaigun aukerarik egokiena. Bigarren aldi honetan, berriz, aniztasuna nabarmenagoa ikusi genuen.
Horrez gain, eskuzabaltasuna eta elkarlana
nabarmenduko genuke, animalia guztiek zebratxoa lagundu nahi zutelako.
Gainera, haurrentzako erabilgarria iruditu zitzaigun, arlo bat baino
gehiago lantzen dituelako. Ilustrazioek eta errepikapenek ere istorioa
jarraitzen laguntzen dute eta, era berean, modu inkontzientean hiztegia barneratzen
dute. Hala ere, Goikoak eta behekoak baino astunagoa iruditu zitzaigun, istorioa luzeegia zelako.
Konklusioz, konturatu gara ipuinak anitzak direla, nahiz eta guk ez ezagutu gaiak lantzeko era ezberdinetako liburu asko daudela eta gelarako oso erabilgarriak direla. Bestalde, ipuinak
lantzerako orduan erritualik erabili ez dugula ohartu gara. Orokorrean,
liburuak prestatzeko denbora askorik izan ez genuenez, ipuinak oso menperatuak
ez genituela uste dugu, kontaketa izan beharrean nahiko irakurria izan baitzen.
HAUSNARKETA ANIZTASUNAZ ETA PROPOSAMENA ESKOLARA BEGIRA
- Lagundu al digu ipuinen lanketak aniztasunaz dugun ideia zabaltzen, aldatzen edo garatzen?
Aniztasuna zer den jakin arren, ikuspuntu desberdinak lantzeko erabilgarria iruditu zaigu. Izan ere, aniztasuna oso kontzeptu konplexua izanik, guk uste baino ideia edota, kasu honetan, istorio gehiagotan topa genezakeela ikusi dugu. Hau horrela izanik, aniztasunarekin lotura handirik ez zutela uste genuen ipuinetan, hauek aztertu ondoren, aniztasuna nabaria zela ohartu gara. Horregatik, Haur Hezkuntzan horrelako ipuinez baliatzea aukera paregabea iruditzen zaigu, haurrak jakin gabe ikasten ariko baitirelako.
- Zer ikuspegi ematen digute ipuinek? (Iruzkin orokor bat egin dezakezue edo testu/gai jakin batzuetan sakondu).
Ipuin bakoitza mundu bat denez, bakoitzak ikuspegi desberdin bat eskaini dakiguke. Gure kasuan, ipuinen ildo nagusia aniztasuna izanik, guztiek zuten onarpen edota aniztasunari lotura egiten zion ideia edo kontzepturen
batekin zerikusia. Hala ere, aniztasuna oso zabala izanik, ildo honen barnean ere ikuspegi desberdinak topatu ditugu. Guztiek oinarri bera eduki arren, ipuinak elkarrengandik oso desberdinak ziren.
- Eraginkorrak iruditu al zaizkizue gai hauek eskolan lantzerako orduan? Zergatik?
Egia esan, aukera paregabea dela iruditu zaigu, oso eraginkorra eta baliagarria. Ipuinen bidez, hau da, haurrentzako dibertigarria eta arina den modu batean, balio eta kontzeptu oso garrantzitsuak barneratzeko aukera izango baitute. Lehen esan bezala, ipuinez baliatuz jakin gabe arituko dira ikasten, kontzeptuak modu iraunkorragoan barneratuko dituzte.
- Zer lanketa proposamen egingo zenukete eskolara begira?
Gure proposamena honako hau izango litzake: astean bi edo hirutan liburu bat irakurri eta ondoren antzeztu. Horrela, haur bakoitzak bere garrantziaz ohartzeko aukera edukiko luke eta ongi pasatzeaz gain, hainbat ikaskuntza bereganatuko lituzke, hala nola, ipuinaren gaiaren araberako ideiak (aniztasuna, berdintasuna…), memoria, jende aurrean hitz egiteko gaitasunak… Horrez gain, besteen azalean jartzeko eta jarrera enpatikoa garatzeko aukera edukiko lukete, rol desberdinetan jarriz, besteei ulertzeko erraztasun handiagoak edukiko lituzketelako.



No hay comentarios:
Publicar un comentario