Saioari
hasiera emateko, Ikertze eta Calcuta Ondotik etorritako hiru emakumek haien
egitekoari buruz hitz egin ziguten. Jarraian, guk aurretik bidalitako
aniztasunarekin lotura zuten egoerei buruz hitz egin genuen, segidan egingo
genuen ariketari hasiera emanez. Horretarako, bi taldetan banatu ginen
bakoitzak ariketa desberdin bat egin zuelarik. Gure kasuan, borobilean jarrita
bakoitzak bere izenaren lehenengo hizkiarekin, bere izaerarekin erlazioa zuen
adjektiboa esan behar zuen, mugimendu batekin batera. Orduan, beste taldekideek
pertsona horrek egin eta esandakoa errepikatu behar zuten. Beste taldean,
emakumeak esandako esaldien arabera alde batera edo bestera joan behar zen,
desadostasuna edo adostasuna adieraziz. Bi ariketa hauen bitartez eta ondoren
emandako azalpenekin, aniztasunaren konplexutasunaz ohartu ginen.
Hau egin ostean, beste ariketa batekin hasi ginen, moduluko taldeez baliatuta. Talde bakoitzak ariketa desberdin bat zuen. Gure kasuan, telebistan agertutako iragarki sexistak ikusi eta hauen inguruan hausnartzea egokitu zitzaigun. Amaitzean, gelaren aurrean lan guztiak aurkeztu eta hauen inguruan ondorioak atera genituen.
Atsedenaren ondoren, hiru kontzepturen inguruan pentsatzeko eta ideia batzuk ateratzeko denbora eduki genuen, gero beste taldeekin eztabaidatzeko asmoz. Horretarako, moduluko taldeekin jarraitu
genuen. Ariketa hau bukatu ondoren, aniztasunari buruzko bideo batzuk ikusi genituen eta, teoria eman ostean, hitzaldia ebaluazioarekin amaitu genuen.
Gure ustez, hitzaldia aniztasunaren kontzeptua osatzeko oso baliagarria eta eraginkorra izan dela iruditu zaigu, oso kontzeptu konplexua izanik, ulertzeko lagungarria izan zaigulako. Orokorrean hitzaldi interesgarria izan zen eta erabilitako metodologiak oso baliagarriak iruditu zitzaizkigun etorkizunean gure geletan praktikan jartzeko. Hitza emateko pilotaz baliatzea aukera polita iruditzen zaigu guztiak hitz egiteko aukera izateko, baina kontu handiz erabili beharko litzakeela uste dugu. Horrez gain, ebaluazioa originala iruditu zitzaigun, irudimena landuz eta modu dibertigarriago eta dinamikoagoan iritzia emateko aukera eduki baikenuen.

No hay comentarios:
Publicar un comentario